2014(e)ko otsailaren 15(a), larunbata

Zigarreta elektronikoetan minbizia eragin dezaketen gaiak antzeman dituzte

2013-08-28
Etiketetan akatsak topatu ostean, gailuon segurtasuna auzitan jarri du Frantziako Kontsumo Institutuak
Maite Asensio Lozano
Tabakoaren aurkako araudiak gainditzeko eta erretzeak eragindako gaixotasunak saihesteko konponbidea ziruditen, baina zigarreta elektronikoak «ez dira sustatzaileek esan zutena bezain kaltegabeak». Gailuok ere osasunerako arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi du INC Frantziako Kontsumoaren Institutuak. Zehazki, «minbizia eragin dezaketen gaiak» isur ditzaketela azaldu du Thomas Laurenceauk, erakunde horrek argitaratzen duen 60 millions de consommateurs aldizkariko zuzendariak: «Ez da zigarreta elektronikoak debekatzeko arrazoia, hobeto kontrolatzekoa baizik».

Funtsean, zigarreta horien segurtasuna auzitan jarri du INCren ikerketak, dozena bat mota aztertu ostean, etiketetan akatsak antzeman baititu. Esaterako, propileno glikolik gabeko produktuetan gai hori aurkitu du; elementu segurua den arren, etiketen «egiazkotasuna ziurtatzeko» eskatu du Laurenceauk.

Badaude hori baino larriagoak diren akatsak. Zigarreta elektronikoek botatzen duten lurrunaren osagaiak aztertu ditu institutuak, «inoiz erabili gabeko metodo batekin», eta «molekula minbizi eragileak» aurkitu ditu. Ildo horretan, nikotinari buruzko informazio kezkagarria zabaldu du aldizkariak: batetik, zigarretetan kargatzen diren likido kartutxoetan antzeman duen nikotina dosia ez dator bat etiketak adierazten duen kopuruarekin; bestetik, dosi txikiagoetan ere «oso toxikoa» dela nabarmendu du, «haurrentzat batik bat».

Baina nikotinarik ez duten zigarretetan ere gai arriskutsuak aurkitu ditu INCk. Adibidez, formaldehidoa edo
formola: hamar kasutik hirutan, lurrunean antzemandako kopurua zigarreta arruntek dutenaren antzekoa dela nabarmendu du. Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak bere sailkapenaren lehen taldean txertatua du gai hori: gizakiei sudur eta faringe minbizia eragin diezaieke. Azetaldehido edo etanal kopuru nabarmenak ere topatu ditu institutuak lurrunean, baina tabako arruntaren mailaren azpitik.

Beste hainbat desoreka zigarreta elektronikoen marka jakin batzuetan soilik agertu dira, ikerketaren arabera. E-Roll markako gailuek isuritako lurrunean, esaterako, akroleina kopuru «esanguratsuak» antzeman ditu: «Batzuetan, zigarreta arruntetako kean neurtutako mailak gainditzen dituzte». Marka horren berotze sistemari egotzi diote molekula horren presentzia.

Metal toxikoen arrastoak ere topatu ditu institutuak marka batzuetan. Cigartex etxeko zigarreta elektronikoek tabako arruntaren adinako nikel eta kromo kopuruak isurtzen dituzte, ikerketak azaleratu duenez; Cigway markakoek, berriz, antimonio gehiago igortzen dute.

Araudi eskasa

Ikerketaren bidez, zigarreta elektronikoen inguruan dagoen araudi eskasa salatu du institutuak. Horrelako produktuen arriskuak kontuan hartzeko eskatu die Frantziako osasun agintariei: «Ondo egindako eta erabilitako zigarreta elektronikoek tabako arruntak baino arrisku txikiagoa dute, baina horrek ez du esan nahi arriskurik ez dagoenik»
     
                                                                                                   Mirari-Urko

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina