2014(e)ko otsailaren 10(a), astelehena

Kutsadura gurutzatua

Edorta Agirre

Gripe garaia dugu Hegoaldean, beherakoena Ipar Euskal Herrian. Tentuz eta kontuz ibiltzeko garaia.

Kutsadura edo poluzioa, substantzia edo energia mota bat ekosistema elikagai batean sartzea da; ondorioz, kutsatzailea (gai kimiko, energia, soinu, argitasun, bero, geneak) behar bezain ahaltsua bada, desoreka edo kaltea sortuko du elikagaian eta ondorio kaltegarriak izango ditu izadian, gizakiaren bizia galaraziz. Mikrobio patogenoak elikagai gordinetan ugari dabiltzan arren, hori ez da arazoa, haiek behar bezala egosten badira, bizirik irauten duten mikroorganismo urriek ezin diotelako eraso ia deusi.

Kutsadura gurutzatua, ordea, arriskutsua da: elikagai gordin, esku, lanabes, zapi eta bestelakoetan dautzan mikroorganismo kaltegarriak (bakterioak, eskuarki), berotu behar ez diren elikagai osasuntsuetara (gazta, entsalada, ogitarteko edo jaki prestatuetara) igarotzean gertatzen da.

Kutsadura hau bi eratan gertatzen da:

a) zuzenean: elikagai kutsatuak kutsatu gabea ukitzen duenean gertatzen da (jaki gordinak eta egosiak ontzi berean nahasten direnean, adibidez, hala nola entsalada, postre…);

b) zeharka: elikagai batetik beste batera transferitzen dira elementu kutsagarriak langileen esku, aparatu, trangadera, zapi, ontzi eta antzekoen bidez (labanaz oilaskoa ebaki ondoren, ongi garbitu ezean, gazta mozten bada, oilaskoak zituen mikroorganismo kaltegarriak gaztara igaro eta kutsatu egin dezakete). Honelakoari saihets egiteko, higiene zorrotza da hartu beharreko neurri behinena, kutsadura mota hau baita ohikoena eta kontrolatzen zailena.

Arazoa ekiditeko neurriok hartu behar ditu eragileak:

a) azaleko erredura eta ebakiak higienikoki estaltzea;

b) larruazaleko infekziorik nozitzen duenak besteentzat ezer ere ez kuzinatzea;

c) sukaldean sartu aurretik eta elikagai gordinekin ibili ondoren, eskuak garbitzea;

d) elikagai gordinak eta kuzinatutakoak bereiz gordetzea;

e) hozkailuan, produktu gordinak (ekologiko, biologiko edo transgenikoak izan, berdin-berdina da kutsatzeko aukera) behealdeko apaletan edukitzea, kuzinatutakoen azpitik;

f) elikagai gordinekin erabilitako tresnak ez baliatzea kuzinatutakoak prestatzeko;

g) trangadera, zapi, lanabes, aparatu etab., erabili ondoren, zorrozki garbitzea;

h) sukaldean animaliarik ez ibiltzea.

XABIER ETA ELENE

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina