2014(e)ko otsailaren 25(a), asteartea

2013-09-25
EZARIAN. ZIGARRETA ELEKTRONIKOAK

Zigarreta elektronikoa, modako produktua



Denbora gutxian asko hazi da zigarreta elektronikoen kontsumoa, eta euskal marka bat ere sortu dute: Prestige Smoke. Hainbat medikuk ez dute gustuko produktua.
JON ESKUDERO DONOSTIA
Tabernara sartu, eta egunkaria irakurriz edo kafe bat hartuz bateren batek zigarroa ezpain artean duela ikustea ohiko argazki bihur daiteke berriz ere denbora gutxian. «Euskal Herrian bertan ikus daitezke dagoeneko halako kasuak». Eta ez tabakoaren legea aldatu dutelako, zigarreta elektronikoak moda-modako produktu bihurtu direlako baizik. AEBetan, besteak beste, 150 milioi euro inguru mugitzen dituen merkatua sortu dute zigarreta horiek. Eta, noski, Europan ere gero eta eskaera handiagoa dute. Horregatik, enpresa asko eta asko ari dira sortzen eskaera horiei erantzuteko asmoz.

Euskal Herriari dagokionez, ateak zabaldu berri ditu Prestige Smoke izeneko euskal enpresak. Zehazki, joan den astean zabaldu zituen bi denda, bata Donostian eta bestea Irunen (Gipuzkoa). Zigarreta elektronikoak eta horien osagarri guztiak saltzen dituzte bertan, eta, horrez gain, bezeroei gomendioak ere ematen dizkiete. «Horretan izango gara enpresa ezberdina. Saltzeko bakarrik ez, erretzeari utzi nahi dioten bezeroei laguntzeko ere bagaude gu», adierazi du Julen Soriak, Prestige Smoke enpresako kideak. Eskaera handia izango dutela sinetsita, hainbat plan eginda dituzte, gainera. «Hurrengo hilabeteetan beste hainbat denda irekiko ditugu, eta datorren urte
 amaierarako dozenaka zabaltzeko asmoa daukagu».

Horrek erakusten du, hain zuzen ere, etorkizunean zeresan handia emango dutela zigarreta elektronikoek. «Zigarreta horien kontsumoa izugarri areagotu da denbora gutxian, abantaila ugari eskaintzen dituelako; tabako tradizionalarekin alderatuz, osasunerako aukera hobea dira, eta leku publikoetan erabil daitezke».

Soriaren esanetan, pertsonaren osasunerako abantailak besterik ez du eskaintzen zigarreta elektronikoak. Ordea, hainbat medikuk bestelakoa diote. Haien arabera, goiz da ondorioak ateratzeko, baina produktu hori ez erabiltzeko aholkua egin dute. Munduko hainbat herrialdetan debekatu ere egin dute: Australian 2008an alboratu zuten, Ipar Amerikako hainbat herrialdetan ezin daiteke erre... NBE Nazio Batuen Erakundeak berak ere ez ditu begi onez hartu zigarreta elektronikoak. Horretarako arrazoirik, baina, ez du ikusten Prestige Smoke enpresako kideak: «Osasun arazoak murriztu egiten ditu zigarreta elektronikoak. Beraz, zer dela eta debekatu? Heriotza tasa jaitsi egiten du, eta horri begiratu behar genioke». Tabakoaren eraginez, urtean 2.500 lagun inguru hiltzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Bada tabakoa utzi duenik

Bistan denez, denetariko iritziak sortu ditu produktu berriak. Oraindik datu fidagarririk ezin eman badaiteke ere, hainbat ikerketa martxan dira. Zeelanda Berriko unibertsitate batek argitaratu duenez, zigarreta elektronikoak erretzaileen lagungarri dira tabakoa uzteko garaian. Nabarmendu dute ez zaiela eraginkortasunik falta, ohiko zigarroa uzten laguntzeaz gain kontsumoa jaisteko ere baliagarri direlako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina