2014(e)ko otsailaren 26(a), asteazkena

2012-03-10

Tabakoaren legea egokia da?

Maddi Saraldi Caravia
Duela urte batzuk toki publiko batzuetan erretzea debekatuta zegoen, eskola eta osasun zentroetan, adibidez. 2011.urtean Espainian tabakoaren lege berri bat ezarri da. Horrek toki publiko guztietan erretzea debekatzen du. Eztabaida handia piztu zen erretzaile eta ez erretzaileen artean, tabernetan debekatzeagatik. Lege horren aldekoek eta aurkakoek hainbat arrazoi ematen dituzte haien jarrera defendatzeko, nire ustez, arrazoi garrantzitsuena osasuna kontuan hartzen duena da; horregatik, guztiz ados nago lege hau indarrean jarri delako.

Lehenik eta behin, jakin beharra dago legea indarrean jarri aurretik hainbat eztabaida egon zirela tabernen negozioa zela eta. Lege hori ezarri baino lehen pentsatzen zen taberna eta jatetxeen negozioa asko jaitsiko zela, bezero kopurua gutxituko zelako; izan ere, bezero asko erretzaileak ziren. Baina INEk egindako inkesta batean ikus daiteke bezeroen kopurua %5 igo dela. Gainera, tabernari askok baieztatzen dute lege honekin familia gehiago joaten direla tabernetara.

Bestalde, lege horrek erretzaileei lagun diezaieke tabakoa gutxika-gutxika uzten. Argi dago, neguan, erretzaileak toki publikotik atera beharko direla erretzeko; hortaz, lehen baino denbora gehiago egongo dira erre gabe, denbora konturatu gabe pasatuko zaielako eta beste gauza batzuetan pentsatzen egongo direlako, ez soilik zigarro bat erretzean. Ondorioz, zigarro kopurua gutxituko dute.

Horren haritik, badugu beste datu garrantzitsu bat Fedifarrek (Federacion de Distribuidores Farmaceuticos) egindako inkesten arabera. 2010. urteko urtarrilarekin konparatuz, 2011ko urrian %806 zigarro elektroniko gehiago saldu egin dira; errezetatutako botiken salmentak %145,6ko igoera izan du; azkenik, partxe eta txikleen salmenta %39,9 igo egin da. Ikus dezakegunez, erretzaile askok tabakoa uzteko hainbat bide bilatu ditu, haien artean laguntza profesionalera jotzea hautatuz —errezetatutako botiken salmentaren igoeran erreparatuz—.

Dakigunez, tabakoak osasunari kalte egiten dio, eta neuri gai hori oso garrantzitsua iruditzen zait; horregatik, lege horren bidez pertsona askoren osasuna hobetuko dela uste dut. Izan ere, lege hori ezarri baino lehen, erretzailea ez zen jendea, toki publikoren batean zegoenean, kea arnasten zuen, eta horren ondorioz, birikak kaltetzen zitzaizkion, nahiz eta haiek erretzaileak ez izan. Hori ikusi eta gero, argi dago lege horren bidez, erretzaileak ez diren pertsonak errespetatzen direla, haien osasunean eragin positiboa edukiz

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina