2014(e)ko otsailaren 16(a), igandea



Tabakoaren ekoizpena, Europara begira


Habana motako tabako belarra landatu izan dute Estellerrian eta Arabako Mendialdeko zenbait herritan, baina azken hamar urteetan gainbehera sumatu dute; 2014-2020 urte arterako Nekazaritza Politika Bateratuak azken kolpea eman diezaioke landaketa horri.
JON REJADO GASTEIZ

Tabakoa lehortzen. / BERRIA
Labore berri batzuek indarra hartzen dute, eta ohitura handiko beste batzuk, berriz, galtzeko bidea hartzen ari dira poliki-poliki. Tabako belarra da azken urteetan Euskal Herriko zelaietatik galtzeko bidean daudenetako bat. 2009tik Arabako tabako belarraren produkzioa %35 inguru jaitsi da (hamabost tona gutxiago), eta landutako hektareak ere urtez urte gutxitu dira, Nafarroan gertatzen ari den bezala. Jaitsiera horren atzean arrazoi bat dago: errentagarritasun falta.

Tabako belarraren errentagarritasuna estuki lotuta egon da Europatik ezarritako arautegi eta laguntzei. Europako Batasunak landaketa horri ematen zizkion laguntzak urritu zituen 2010. urtean, eta hori dela eta, kilo bakoitzeko bi euro gutxiago irabazi zituzten nekazariek. Nafarroan Estellerriko eta Araban Mendialdeko hainbat laborarik tabako belarra landatzeari uko egin zioten orduan; Europako Parlamentuan hartuko dituzten erabaki batzuek azken kolpea eman diezaiokete laboreari.

Alde batetik, 2014. urtetik 2020. urtera arteko nekazaritza politika bateratuak eztabaidatzen ari dira Europako Parlamentuko Nekazaritza Batzordean. Bertan hartuko dituzten erabakien arabera, tabakoaren zuzeneko laguntzei eutsi edo bertan behera geratuko dira; horrek labore horren etorkizuna kolokan utziko du. Bestetik, tabako produktuen Europako zuzentaraua onartzeko bidean dago, eta horren bidez, tabako belarraren eskaria ere jaits daiteke. Hain zuzen ere, produktu prestatuaren salerosketaz gain produkzioan ere eragin dezakeela salatu dute tabako ekoizleek.

Nolanahi ere, gaur-gaurkoz Araban eta Nafarroan landatzen den tabakoaren eskaria badago industrian. Enpresek Habana motako tabako beltza eskatzen jarraitzen dute, baina, diru laguntza ez jasotzearen ondorioz, lehiakortasuna galdu du salmenta prezioa handitu ondoren. Duela zenbait urte, tabako kilo bat ekoizteak 1,20 euro balio zuen gutxi gorabehera, eta 2010ean, Loquiz kooperatiban dauden tabako belar ekoizleek 1,30 euroan saldu zioten kiloa Cetarsa enpresari. Zenbait nekazarik azaldutakoaren arabera, tabakoa landatzen jarraitzeko arrazoi bakarra gainontzeko laboreen prezioa da, tabakoa baino okerrago ordainduta daudelako.

Eskuz egindako lana

Tabakoa landatzeko garaia, lekuan leku, maiatzean hasten da. Hiru hilabeteko epean, hostoei orban horiak ateratzen zaizkienean, bildu egiten da, eta lehortzen jarri abuztu aldera. Azkenik, urte bukaeran hostoak sailkatzen dituzte, saldu ahal izateko. Prozesu hori guztia eskuz egiten da; berotegitik atera eta sailean jartzean baino ez da makina bat erabiltzen. Hektarea bakoitzeko 2.200 lanordu behar izaten dira, gutxi gorabehera, tabako belarra landatu, bildu, lehortu eta hostoa kentzeko prozesuan. Belaunaldietako ohiturari eusten diote laborari gutxi batzuek.
Irati & June

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina