2014(e)ko otsailaren 15(a), larunbata

Tabakoaren lege berriak kea desagerrarazi du frontoietatik

Tabakoaren lege berriak kea desagerrarazi du frontoietatik




Hego Euskal Herriko frontoietan tabakoaren legea zorrotz betetzen da. Hala ondorioztatu du, behintzat, Tabakismoari Aurre Egiteko Elkarteak egindako ikerketak. Elkarteko kide den Joseba Zabala medikuak egin ditu neurketak, eta berak eman ditu ezagutzera emaitzak: «Tabakoaren kea desagertu egin da Euskal Herriko frontoietatik».


Binakako txapelketako azken lau finaletan egin dituzte neurketak. 2008an Gasteizen, 2009an Donostian, 2010an Gasteizen eta aurten Bilbon jokatu diren finaletan pilotalekuetako airean metatutako mikropartikulen kontaketa egin dute, eboluzioari erreparatzeko. «2,5 mikra baino gutxiagoko partikula kopurua neurtu dugu, oso aproposa baita tabakoaren kontsumoa erakusteko». Ondorioa argia da: duela hiru urte aurten baino hamasei aldiz partikula gehiago zenbatu zituzten pilotalekuan. 



«Partikula hauek hain dira txikiak, gorputzean barruraino sartzen dira», ohartarazi du Zabalak. Hain zuzen ere, arnasten direnean bronkioloetaraino iristen direla dio; alegia, «arnas aparatuko azken muturreraino». Zabalak, gainera, ohar garrantzitsu bat egiten du: «Ezin dugu ahaztu tabakoaren kearen partikulek minbizia eragiten dutela». Duela bi urteko egoeran, erretzaile pasiboak hiru zigarreta erretzen zituen partiduko. Pilotariek, hortaz, askoz gehiago.



Zabalaren esanetan, emaitzak ez du zalantzarik onartzen. Lau final horietatik datu larrienak eman dituena duela hiru urte Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutakoa da. Olaizola II.a eta Mendizabal Irujo eta Goñi III.aren aurka lehiatu ziren. Harako hartan egindako neurketen arabera, 1.340 mikrogramo partikula zeuden metro kuboko. «Erre zitekeen garaian edozein dantzalekutan jaso zitekeen kopurua baino handiagoa da hori», azaldu du osagileak.



Garai hartako legeak ere erretzea debekatu arren, aurtengo Urteberri egunetik indarrean dagoena zorrotz bete da. Hala, Zabalaren hitzetan, iragan apirilaren 17an Miribillako pilotalekuan jokatutako finalean ez zen zigarro bat bera ere piztu. Horren froga neurketaren emaitza: 80 mikrogramo partikula zeuden metro kuboko. «Gure herrietako edozein kale garbitan dagoena baino zertxobait gehiago da, eta zirkulazio handia duten kale batzuetan dagoena baino gutxiago». Hein berean, ACB saskibaloi ligako partida batean Fernando Buesa Arenan edo Illunbe pabiloian neur daitezkeenen parekoa da. Batez beste, 83 mikrogramo metro kuboko izaten dira Donostian Lagun Aro Gipuzkoa Basketek jokatzen duenean, eta 61 Gasteizen Caja Laboral Baskoniaren partidetan.

EGILEAK: GAIZKA ETA AITZOL.
BERRIA.INFO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina