2014(e)ko martxoaren 5(a), asteazkena

AZKEN TANTA LEHOR DADIN ( alkohola )


AZKEN TANTA LEHOR DADIN

2013-06-05
Urtzi Urkizu
Astelehenean, 78 urte beteko dira Alkoholiko Anonimoak sortu zirenetik. Euskal Herrian, milaka pertsonak sufritzen dute alkoholismoa, eta adituek uste dute hainbat alorretatik egin behar zaiola aurre.
Kalte fisiko sendaezinak eragiten ditu alkoholak: urdaileko eta duodenoko ultzerak, pankreatitis kronikoa eta gibeleko zirrosia. Erdiko nerbio sisteman eta periferikoan ere eragiten du. Gainera, delirium tremens-ak heriotza eragin dezake. Ondorio psikikoak ere ez dira gutxi: kontzentratzeko ahalmena gutxitzea, antsietate krisiak, autoestimu txikia, depresioa eta nork bere buruaz beste egiteko saioak. Kalte horiei ondorio emozionalak eta ingurukoei eragiten dizkienak gaineratu behar zaizkie.

Alkoholikoak, hasieran, alkohola gero eta hobeto jasaten du. Horrek gehiago edatera bultza dezake. Mendekotasuna heltzen denean, ordea, giza harremanetan, lanean eta osasun egoeran kalteak eragiten hasten da. Kasu askotan, abstinentzia sindromea saihesteko, gehiago edaten du. Eta egoera larriagotu egiten da.
Alkoholismoa gainditzen duten gehienek aitortzen dute nork bere arazoa aitortzea dela gakoa. Bide horretan, medikuntzak laguntza eman dezake. Javier Ortiz de Elgea Donostiako Erizaintza Eskolako irakaslea eta Donostia ospitaleko irakaskuntza arduraduna da. Alkoholarekin arazoak dituzten pertsonekin lan asko egin du, eta, haren ustez, medikuntza alorrak gaixoari esaten dionak badu bere garrantzia: «Funtsezkoa da alkoholikoak arazoa duela onartzea. Bestelako arazoak izan ditzake, baina une batean konturatu behar du alkohola bere bizitza suntsitzen ari dela. Une horretan, aldaketa egiten lagundu behar zaio». Horretan, pertsona askok lagun dezakete, psikiatrek, medikuek zein erizainek. «Osasun sistemako norbaitek gaixoari esaten dionean alkoholarekin arazoa duela, gaixoari zirrara eragiten dio. Etxerako bidean, horretan pentsatzen joaten da. Horrenbestez, oso garrantzitsua da alkoholikoari laguntzea arazoa identifikatzen». 
Imanol Kerejeta Donostia ospitaleko psikiatria buruak urte asko darama alkoholikoak tratatzen, eta uste du gaixo guztiak ezin direla zaku berean sartu. «Alkoholiko bakoitzak bere arazo pertsonala du, eta, horregatik, tratamenduak bereizi behar dira. Bestetik, laguntza sareek gauzak asko errazten dituzte». Gaitzarekin batera «estigmatizazioa» gertatzen dela uste du Kerejetak: «Tratatzeko orduan, arazorik nabarmenena da alkohola oso erraz aurkitzen dela edozein lekutan».
MAIKEL ETA NAIA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina